XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bi begiak elkar-iges; buruz, gogoz, apala
Nork esan lenengoz ordun entzungo zindudala?
Ari nintzan? Xor nindagon? Neronek ez nekian
Musika bat ezin kenduz nedukan belarrian.
Xor nengola, ta, soinua ixilazi naiean,
otoitz ordua goxaro joan zait ezarian.
Begiak xorturik baina belarria zurekin
Askotan zertara gauden ezin dezagu jakin
Obe genuke Zu suma, gogo, zentzu, denekin:
baina barren erdixorrak laguntza du batekin.

Belarriarekin, alegia, zentzu guzien buru den entzumenarekin.

Ondoren, soinu xorgorra doidoi entzuten dueneko loxorroaldia datorkio:

Ez nintzan azkeneraino zer egiten nun jabe.
Alperrik astia galtzen ote nizun erabe;
baina sostean biotza biur zitzaidan labe.
Sendatua sumatzen dut nere kemenik eza.
Xorraldiak indar ori nolatan eman leza?
Indar orren bear nintzan gizon iraun baneza.
Ordun baitaratu nitzan musikaren barnean
Zu zintzadala leunki gordetzen biotzean.
Ez negon xor, ez, Zurekin nengon gogo betean.

Loxorroaldietan, loaldietan, jainkoarekin bateginik segitzen du Orixek, belarria dela bide.

Beste zentzu guziak lotan daudela, belarria dizu guzien zaindari, jainkozko musika eta hitz jario goxoa bitarteko.

Dena den, Orixeren belarri kontu honetan, loak berebiziko garrantzia du.

Aldikako herio puxka antzera hartzen dizu Orixek loa, Jainkoarekin bakar isilean anima hutsez otoitz egiteko aldi gisan.

Hona berriro, Argi ta Margo olerkian bertan esaten duena:

Gauak illak zitun, argiaz batean, margo bizi oro
Egunero ditu lurpera; argiak pizten egunero.
Illunak lo nauka erio; argiak pizten nau osoro.

Ikustazu, Euskaldunak poeman berriz, nortu eta guzi egiten du loa, Mari Bekaineko izena emanez.

Euskal sinismen zaharreko Mari horrek ere, zer pentsatua ematen du.

Gero ikusiko dugunez, Mari Bekainekok baitarama poeta, jainko kristauagana:

Olako lau ipui arin jalki ditueneko
etorri zaio norbaiti Mari Bekaineko
Kantuak balio dizu loak uxatzeko...

Baina, Orixek loa belarriarekin nola lotzen duen ikusteko ez dut uste ondoko pasarte hau baino zoragarriagorik inork inon aurkituko duenik.

Olentzaroz amona ipui kontari ari da sutondoan:

Ipuiez asper-gabe illoba aspertua
loak menderatzen du agurka burua.
Jende larriak ez du oraindik ordua;
ark ere noizbait orde, itzaltzen du sua.
Anka sartu onduko loak ditu artu.
Ez die elur malutak loa debekatu.
Ardiak joalea auznarka asi baitu,
arek tantaka loa gorputzean sartu.